Ohitura osasungarrien hezkuntzari, besteak beste elikadurari, hainbat alderditatik eta hainbat sektoretatik heldu behar zaio.
Zalantzarik gabe, familia da garrantzitsuena, baina ingurune komunitarioak, osasun-zerbitzuek eta eskolak garrantzi handia dute.
Eskola-ingurunea espazio egokia da elikadura osasungarria sustatzeko, elikaduraren eta dietetikaren ikuspegitik egokiak diren elikagaiak eskaintzen baitizkie haurrei, bai eguerdiko menuetan, bai gosari eta askari proposamen posibleetan, bai elikagaiak eta edariak saltzeko makinetan, halakorik balego.
Era berean, garrantzitsua da jatorduetan helduei (irakasleei eta begiraleei) begirunez laguntzea, presiorik eta hertsapenik gabe eta haurren gustuak eta gose-sentsazioa kontuan hartuta.
Jantokia, gainera, janarian agertzen diren ohitura eta sinesmen anitzak ezagutzeko, errespetatzeko eta balioesteko aukera paregabea da.
Zentroko menuen programazioak inguruko kultur tradizioei lotutako proposamen gastronomikoak barne har ditzake, baita beste testuinguru kultural eta erlijioso batzuetako errezeta tipiko batzuk ere.
Eskola-jantokiak funtzio hauek bete behar ditu:
1.
Haurrei kalitatezko janaria ematea, bai nutrizioaren ikuspegitik, bai higiene- eta zentzumen-irizpideei dagokienez, espazio eroso batean
2.
Higiene- eta elikadura-ohitura osasungarrien jabekuntza garatzea eta indartzea (osasunerako hezkuntza)
3.
Jantokiko materialaren eta tresnen portaera eta erabilera egokia sustatzea
4.
Janarien alderdi sozialak eta bizikidetzakoak sustatzea, familiarekin koordinatuta (bizikidetzarako eta erantzukizunerako hezkuntza)
5.
Jolas aktiboa eta erlaxazioa orekatzen dituzten eta nortasuna garatzen eta elikadurari buruzko gizarte- eta kultura-ohiturak sustatzen laguntzen duten aisialdiko jarduerak planifikatzea (aisialdirako hezkuntza)
